Komunitateko arauak

Ongi etorri Tinder-era!
Konexio esanguratsuak sortzeko tokia da Tinder. Hatz-pasaldi batekin hasten da dena. Batzuetan, bat egingo duzue. Bestetan, ez. Eta, batzuetan, elkarrizketak gauza gehiago ekarriko ditu. Aukera amaigabeak daude. Pertsona (heldu) guztiak dira ongietorriak.

Tinder toki dibertigarria, segurua eta inklusiboa izatea nahi dugu, non jendeak den hori izateko aukera izango baitu jendea ezagutzean. Horretarako balio dute Komunitateko arau hauek: guztien portaerari dagokionez espero dena azaltzeko, bai app barruan, bai hartatik kanpo. Beraz, irakur itzazu; gidalerro hauek urratzeak benetako ondorioak ekar ditzake, abisu batetik debekuraino.

Tinder-en arauak:

1. Kontuan hartu mugak. Pertsona guztiak ez daude eroso gauza berberekin. Hori dela eta, zure profil publikoan ez ditugu onartzen biluztasuna, eduki sexuala, sexu-desiren adierazpenak eta sexu bila zabiltzala esatea. Elkarrizketa pribatu batean bazaude, halako gaiak egokiak dira, jende guztia haiekin eroso badago. Baimena garrantzitsua da.

2. Partekatu kontu handiz eta ondo pentsatuta. Ez ezazu publikoki zabaldu zure informazio pertsonalik edo jendea zurekin harremanetan jartzeko modurik (ez bistaratu publikoki telefono-zenbakirik, helbide elektronikorik edo sareetako kontu-izenik). Zure banku-kontuaren zenbakia edo helbide elektronikoko pasahitza partekatzea ideia txarra da beti. Era berean, ez eskatu besteei haien datu pertsonalak bidal ditzaten. Kontuz ibili, norbaitek dirua bidaltzeko eskatzen badizu edo inbertsio bat egitera bultzatu nahi bazaitu, ziurrenik iruzurra izango da eta.

3. Ekidin indarkeriazko edukiak. Baikortasuna sustatzen dugu eta ez dugu onartzen indarkeriazko inolako edukirik: odola, heriotza, gizaki zein animalien aurkako ekintza bortitzen irudi nahiz deskribapenak, edota armen erabilera erakusten duen eta autolesioa defendatzen edo goraipatzen duen edukia.

Berehalako kalterik gertatzeko arriskua dagoela uste badugu, laguntza emateko neurriak har ditzakegu, hala nola krisi-baliabideekin zuzenean harremanetan jartzea.

4. Sortu harreman pertsonalak, ez profesionalak. Ez iragarri, sustatu edo partekatu zure sareetako kontu-izenak jarraitzaileak lortzeko, gauzak saltzeko, dirua biltzeko edo kanpaina egiteko. Horrek esan nahi du Tinder ez dela toki egokia sexu-lanetarako, escort zerbitzuak emateko eta konpentsatutako harremanak lortzeko. Hortaz, ez: ez erabili Tinder zure sugarmamma aurkitzeko.

5. Izan zaitez zu zeu. Jendeak zu ezagutu nahi zaitu, ez zure pertsonaia faltsua. Ez ezazu kontu faltsurik sortu eta ez egin inoren plantak, dibertitzeko izan arren.

6. Komunikatu errespetuz. Jende berriarekin hitz egitea zaila izan daiteke; batez ere, edozein arlotako pertsonekin harremanetan jartzen zarenean. Errespetua da gakoa.

Elkarrizketa ustekabean arrarotzen bada eta minduta edo haserre sentitzen bazara, gelditu une batez eta hausnartu erreakzionatu aurretik. Ez da onartuko jazarpen, mehatxu, bullying, larderia, doxing, sextortsio edo xantaiarik, ez eta nahita kalte eragiteko ezer ere.

Tinder-en, gorrotoak ez du tokirik. Ez dugu inoiz babestuko banakoen izaeran, identitatean edo itxuran oinarritutako arrazakeria, intolerantzia, gorroto edo indarkeria. Horrek barnean hartzen ditu, besteak beste, arraza, etnia, nazionalitatea, immigrazio-egoera, kasta, erlijioa, genero-identitatea, sexu-orientazioa, desgaitasuna, gorputz-mota eta osasun-egoera. Zure irizpide pertsonalak betetzen ez dituen norbait ikusten baduzu, ez eman like edo desegin matcha eta pasatu beste batera. Gure gidalerroak urratu dituztela uste ezean, ez itzazu salatu.

7. Jokatu adeitasunez, kalte egitera joan gabe. Oso serio hartuko da beste erabiltzaile bati kaltea iradokitzen dion, eragiten dion edo horretarako asmoa duen ekintza edo jokaera oro, appean zein hartatik kanpo, fisikoki zein digitalki. Horrek barnean hartzen du kaltea eskatzen edo bultzatzen duen edozer.

Norbaitek Tinder-en kalte egin badizu, lehenik, zaindu zaitez; ondoren, pentsa ezazu tarte batez zer beharko duzun zeure onera etortzeko: erantzukizuna eskatzeko neurriak, jendarteratzea, laguntza, edo aurreko guztiak. Kaltea gure aurrean salatu nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan. Zu laguntzeko gaude hemen.

8. Helduak soilik. Tinder erabiltzeko, 18 urte edo gehiago izan behar dituzu. Horrek esan nahi du ez ditugula onartzen adingabeak bakarrik edo arroparik gabe erakusten dituzten argazkiak, zure txikitako argazkiak barne, orduan izugarri maitagarria bazinen ere.

9. Jokatu legearen arabera. Ez da inoiz onartzen legez kanpoko eduki edo jarduerarik. Horrek esan nahi du ezin duzula erabili Tinder drogak edo produktu faltsuak salerosteko, ezta legea urratzeko laguntzarik bilatzeko ere. Ez dugu inolaz ere onartuko Tinder erabiltzen duen inork adingabeekin edo pertsona-trafikoarekin zerikusia duen inolako kalteren alde egitea edo haietan parte hartzea.

10. Pertsona bat, kontu bat. Kontu bakoitzak jabe bakarra izan dezake. Logistika- eta pribatutasun-arrazoiak direla eta, ezin dugu onartu hainbat pertsona kontu berean sartzea; bakoitzak berea izan behar du. Gainera, pertsona batek ezin du aldi berean kontu bat baino gehiago izan.

11. Zure tokia da hau; argitaratu zeure edukia. Baimena izan ezean, ez argitaratu beste pertsonen argazkirik edo mezu pribaturik. Ez argitaratu copyrighta edo marka erregistratua duen lanik.

12. Izan zaitez Tinder-eko erabiltzaile ona. Ez ezazu gehiegikeriarik egin Tinder-en. Ez erabili Tinder informazio faltsu edo engainagarria zabaltzeko. Ez bidali spam-esteka kaltegarririk edo eskatu ez den edukirik. Ez sortu kontuak modu masiboan. Ez erabili Tinder manipulatzeko, iruzur egiteko edo jendeak dirua edo beste edozer bidal diezazun lortzeko. Ongi dago zure lagunekin eta senideekin ezagutzen ari zaren pertsonei buruz hitz egitea, baina ez partekatu publikoki beste inoren informazioa. Ez bidali salaketa faltsurik, engainagarririk ez maltzurrik. Ez erabili hirugarrenen appik edo bestelako teknologiarik eginbideak desblokeatzeko edo sistema zeure onurarako manipulatzeko. Tinder-ekin, Match Group-ekin edo haren afiliatuekin zuzenean hitz egiten duzunean, ez jazarri edo mehatxatu inor, eta ez urratu arau hauek beste edonola.

13. Kontua aktibo mantentzeko, erabil ezazu. Bi urtetan zehar Tinder-eko kontuan saioa hasten ez baduzu, erabiltzen ez duzula ondorioztatuko dugu, eta baliteke jarduera-faltagatik ezabatzea. Beraz, appean ikusgai jarraitu nahi baduzu, hasi saioa noizean behin.

Salaketa

Tinder-en komunitateko kide gisa, isilik ez geratzera eta zeure burua adieraztera animatu nahi zaitugu. Norbaitek kalterik eragiten badizu edo gure Komunitateko arauak urratzen baditu, sala ezazu. Salaketak isilpean tratatzen dira beti. Salaketa bat eginez gero, jokabide kaltegarriak geldiarazten eta gainerako erabiltzaileak babesten lagunduko diguzu.

Inpaktua

Oso serio hartzen ditugu gure Komunitateko arauak eta haiek gure komunitatean daukaten eragina. Ahal den guztia egingo dugu jendeak haiek jarrai ditzan. Abisu-sistema bat daukagu martxan, baina urraketak egiteari utzi ezean edo urraketa larriren bat egiten bada, horren arabera erantzungo dugu.

Gure Zerbitzua oker erabili baduzu edo Tinder-ek desegokitzat, legez kanpokotzat edo urratzailetzat jotzen duen jokabide bat izan baduzu, edota Komunitateko arauak edo Erabilera-baldintzak urratu badituzu, geuretzat gordetzen dugu kontuak ikertu edo/eta ezabatzeko eskubidea, erosketen dirua itzuli gabe. Horrek barnean hartzen ditu Zerbitzutik kanpo egiten diren baina Zerbitzuaren bitartez ezagutzen diren pertsonekin egindako ekintzak edo komunikazioak.